Aldez aurretik jada adierazi dugun bezala, Eusko Ekintza talde soziopolitikoak bat egiten du hurrengo ekainaren 24an Bilbon Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren Aurkako herri mugimenduak deitutako mobilizazioarekin. Gainera Iñaki Bilbao preso politikoa aurrera eramaten ari den gose greba luzeak 24ko manifestazioan parte hartzeko garrantzia are gehiago nabarmentzen du.
Hau bezalako mobilizazioen balioa handia da amnistia politikoa berriro euskal politikaren erdigunean kokatzeko, batzuen utzikeriaren aurrean. Estatuek jarraitzen dute inolako mugimendurik egin gabe preso politikoen eta haien senideen oinarrizko eskubideak errespetatzeko. Dispertsioa, xantai politikoa, preso gaixoen muturreko egoera… eguneroko kontua dira batzuen “garai berri” hauetan. Eusko Ekintzatik beti mantendu dugunez:
“Preso eta errefuxiatu politiko guztientzat, AMNISTIAren eskaera agenda politiko eta sozialean berriro jartzea beharrezkoa da. Hau lortzeko behar diren aldaketa judizial oro gauzatzen hasteko exijitzea ere bai. Honekin batera, preso politiko guztiak Euskal Herriratzea eta gaixorik dauden presoak, eta kondenaren hiru laurdenak bete dituztenak askatzea luzapenik gabe exijitzea, eta nola ez, errefuxiatu guztien itzulera normalizatua ere. Hain xuxen, preso politiko, eta beraien famili eta lagunen aurka azken urteetan martxan jarritako salbuespeneko lege guztiak bertan behera geratzea.
Hala nola, Amnistiaren aldeko borroka estrategikoa, eta euskal preso politiko eta beraien familien onuraren aldeko iniziatiba taktikoak ez dira elkartezinak.
Amnistiaren aldeko herri mugimendua indartzeko premia azpimarratu nahi dugu, preso, deportatu zein erbesteratuen egoera larria dela eta. Baita beraien izaera politikoa azpimarratzeko ere.”
Hau dela eta, hurrengo Ekainaren 24an denok Bilbora deitzen dugu amnistia politikoaren garrantzia defenditzeko amnistiaren Aldeko Herri Mugimenduarekin bat.
Euskal Herrian, 2015ko ekainaren 21a.