Jarkik antolatutako 2020ko Gudari Egunaren hitzaldia

_DSC0090.cleaned

Gudari Eguna borroka ideologikorako eguna dugu. Izan ere, egun honetan askatasunaren aldeko borroka azken muturreraino eraman duten gudariak omendu eta oroitzen ditugu. Gaurko egunez, 1975ean espainiar estatu frankistak Jon Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi gudariak eta Jose Luis Sanchez, Humberto Baena eta Ramon Garcia FRAPeko militanteak fusilatu zituen. Data hau herriaren memorian sutan grabatuta gelditu zen arren, ez zen izan herri honek pairatu duen lehenengo jazarpena eta ezta azkena ere. Ordutik asko dira egutegian gorriz markatuta ditugun egunak. Hala ere, data horiek samina eta amorrua gogora ekartzeaz gain, Euskal Herri Langilearen borrokaren ondare eta historiaren parte dira, injustiziaren kontra burututako borrokaren ondorio diren heinean.

Duela 45 urte espainiar estatu frankistak militante politikoak fusilatzen zituen. Urte asko igaro arren espainiar eta frantziar estatuek militante politikoak erailtzen jarraitzen dute. Garai batean fusilek egin izan zuten lez, gaur egun espetxe politika kriminalak amaiera tragiko berbera dakar sarri. Tamalez, azken urteotan maiztasunez iristen zaizkigu halako albisteak. Irail honen hasieran, beste gudari baten erailketaren berri izan genuen, Igor Gonzalez Solarena, alegia. Beste hainbat militantek egin behar izan duten eta egiten duten bezala, egunero egunero, baldintzarik gogorrenetan biziraun behar izan du Igorrek. Kartzela, mendekurako eta militante politikoen osasun fisiko eta psikologikoa apurka apurka eta etenik gabe suntsitzeko tresna baita, eta klase zapaltzaileak bere etsai politikoak deuseztatzeko darabilen makineriaren baitan soilik uler dezakegu.

Badakigu zein den erailketaren arrazoia eta baita erantzulea zein den ere, badakigun bezala Igorren eta beste gudari guztien borroka askatasunaren aldeko konpromisoaren eta engaiamenduaren adierazpide gorena baino ez dela, eta askatasuna ukatzen digutenek hargatik zigortu, torturatu, kartzelatu eta erail dutela Igor aurrez beste hainbatekin egin bezala. Preso politikoak Euskal Herri Langileaak pairatzen duen zapalkuntzaren ondorio eta erakusle dira, etsaiarekiko konfrontazioa lehen lerroan bizi dutenak. Haien konpromisoa eta indarra eredu dira guretzat.

Euskal Herri Langilearen erabateko askatasunaren alde borrokatu duen militante iraultzailerik preso den bitartean, amnistiaren aldarriak ezinbesteko izaten jarraituko du. Amnistia, presoen askatasunaz haratago doan aldarrikapen politikoa da. Askatasunaren alde borrokatu izan duten militanteen hautuaren zilegitasuna onartzea du oinarrizko baldintza eta independentzia eta sozialismoaren eraikuntzaren bidean soilik erdietsi daiteke, borrokari ekiteko zergatiak desagertuz gero bakarrik bermatu baitaiteke euskal militanteak preso eta errefuxiatu bilakatu dituen jazarpen egoera berriz ez errepikatzea.

Bien bitartean, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herri Langilearen aurkako jazarpen etengabean darabilten espetxe politika hiltzaileak bere lana egiten jarraituko du, militante politikoek euren izaera iraultzaileari uko egin eta inposatzen zaizkien legediei men egitea bilatuz. Horrek, ondorio tragikoak izan ditu eta ziurrenik baita izango ere.

Joan zareten guztiei agurrik beroena, Euskal Herri Langileak ez zaituzte ahaztuko. Agur eta ohore Igor! Herriak ez du barkatuko!

Borroka latza eta gogorra da baina ezinbestekoa ere bai, izan ere, gudarien etengabeko sakrifizio eta jardunik gabe, ez ginateke ezer izango. Gudariek, trukean ezer eskatu gabe, egindakoaren errekonozimendurik eskatu gabe, erabateko prestutasun eta engaiamenduaz, guztion hobe beharrerako helburuekin bat datozen idealengatik borrokatu zuten. Hargatik, ezinbesteko izateaz gain eredu ere badira. Jazarpenaren aurrean erresistentzia eredu. Injustiziaren aurrean zuzentasun eredu. Etsaiaren krudeltasun eta zapalkuntzaren aurrean Euskal Herria bizirik mantentzeko askatasun grinaren gorpuztea.

Horrexegatik, gudarien figura aldarrikatu beharra dugu. Gudaria borrokaz, malkoz eta odolez baina batez ere Euskal Herri Langilearekiko baldintzarik gabeko konpromisoa oinarri eraikitako irudia baita. Hauen konpromisoaren arrastoa Euskal Herriko hainbat txokotan aurkitu dezakegu oraindik: Albertiako zelaietan, Benta haundin, Morlansen, Angelun, Intxortan… eta nola ez, erabateko askatasuna helburu dugun guztion bihotz eta oroimenean. Gure historian betirako gordeak ditugu. Klase, nazio, genero… zapalkuntza ororen aurka lehen lerroan beti.

Gudariak ez dira iraganeko kontua. Azken finean, gudariak Euskal Herri Langileak etengabe sufritzen duen zapalkuntza eta miseriaren ondorio zuzena dira, zapaltzaileen aurkako borrokaren erakusgarri argiena eta honek bere horretan irauten duten bitartean ekidinezina izango da hauen agerpena. Hauen hautuaren zilegitasuna ezin da zalantzan jarri. Are, gudarien beharrezkotasuna eragiten duten arrazoiak behin betiko desagertuko balira ere, ez dugu ahaztuko Euskal Herriaren alde inoiz, inon, dena eman duen inor.

 Bien bitartean, ondorioak ondorio, askatasun nahiak gure ideiekin kontsekuente izatera garamatza. Hala ere, borrokak antolakuntza eskatzen du, konpromisoa, ikaskuntza prozesu amaigabea. Ez dira urte onenak Euskal Herri Langilearentzat baina erresistentzia antolatzea dagokigu. Erresistentzia, gerora geure proiektu politikoa eraikitzen has gaitezen. Iraultzarako baldintzak ez baitira ezerezetik sortzen eta egoera ulertzeko gaitasunaren, konstantziaren eta lan militante apalaren eskutik soilik iritsiko baitira.

Horretarako, etsaiaren nagusitasuna borrokatu behar da, bai maila diskurtsibo-ideologikoan eta baita borroka politikoaren bitartez ere. Tamalez, Euskal Herrian erreferente politiko iraultzailerik ez egoteak sekulako noraez ideologikoa eragin du azken urteetan. Hala, ideia iraultzaileen zabalkunderako borroka ideologikoa lehentasunezko eginbeharra suertatzen da, Gudari Egun hau bide horretan pausu xume bat delarik, etsaiaren diskurtsoaren birprodukzio soila borroka ideologikoari men egitea baita.

Zapalkuntza ororekin amaitzeko bidean Euskal Estatu independiente eta sozialista eraikitzea ezinbestekoa da. Klase baten bestearekiko esplotazioan oinarritzen den sistema ekonomiko hau gainditu gabe ez baitago askatasun posiblerik. Bide honetan, bizi dituen baldintza materialengatik langileria da iraultza antolatu eta azken muturreraino eramateko gaitasuna duen subjektu potentziala, zeinak, bere jardunaren bidez botere politikoa eskuratu eta munduan zehar estatu sozialistak eraikitzea helburu duen, zapalkuntza ororekin amaitu eta klase gabeko jendarte berri bat bilakatzeko bidean. Horrela ulertzen dugu guk sozialismoaren aldeko borroka, zapalkuntza ororekin amaitzeko borroka bezala, alegia. Bestalde, klase arteko guda mundu mailan ematen den arren, tokian toki forma ezberdinak hartzen ditu. Gurean, nazio zapaldua garenez gero, klase borroka nazio askapenaren baitan gorpuzten da eta horrek antolakuntza markoa ezartzen dio langileria kontzientziadunari. Antolakuntza marko hau Euskal Herria da. Hala, Euskal Herri Langilearen askapen borroka, hots, Euskal Herrian bizi garen eta lan indarra saltzen dugunon erabateko askapenerako borroka independentzia eta sozialismoa maximak laburbiltzen du.

Helburuok lortzeko ordea, beharrezkoa da Euskal Herri Langileak bere buruaz kontzientzia hartu eta askapen sozial eta nazionalerako antolatzea. Prozesu honen lehen urratsa, Euskal Herrian askapen sozial eta nazionalaren alde parametro iraultzaileetan lerratzen diren antolakunde ezberdinen indarrak batu eta estrategia amankomun baten pean jartzea da. Horretarako, JARKI-k Euskal Herriko hainbat eragilerekin izandako hartu-emanaren ostean, Eusko Ekintzarekin batera hutsune hori beteko duen tresna politikoa aurkeztu zuen joan den abuztuan Albertian. Tresna hau JARDUN da, Euskal Herri Langilearen Alternatiba, eta Euskal Herriko norbanako zein kolektibo independentista eta sozialista iraultzaileak mugimendu bakar batean batzea eta koordinatzea du helburu.

 Batasuna, ez da laino gainean egikaritzen den elkarlan sinple bat. Batasuna, oinarri ideologiko zehatzen eta antolakuntza eredu garden baten gainean eraiki beharreko elkarlotura organikoa da, non, eragile bakoitzak beretik eta ahal duen neurrian ekarpena egingo dion estrategia amankomun bati. Horixe da eta ez beste ezer, JARDUN-ek Euskal Herri Langileari eskaintzen diona, berdinen arteko elkarrizketatik eta zintzotasunetik ernetzen ari den batasuna.

Duela aste batzuk Bultza Herri Ekimena batu zen koordinadorara, gaur bertan Askatasun Haizea Busturialdeko herri ekimenak ere bere atxikimendua adierazi digu eta talde ezberdinekin izaten ari garen elkarrizketen ondorioz, Euskal Herri Langilearen askapen prozesua elikatzeko proposamen organizatibo honetara geroz eta eragile lokal zein nazional gehiago batzen joatea aurreikusten dugu. Hori dela eta, hurrengo hilabeteetan ziurrenik kalean igarriko ez den baina etorkizunera begira barne mailan erabat beharrezkoa den lana egiteko unea da. Soilik ondo antolaturiko langileriak lortu baititzake bere helburuak eta asmo horrekin, proiektuaren oinarriekin bat egiten duten norbanako eta kolektibo lokal zein nazional guztiei eskua luzatzen diegu. Jardunen garapena ez baita ausazko edota boluntarismo ariketa bat izan, azken hamarkadetan emandako aldaketa guztien ondoren, egun Euskal Herrian batasunerako azaleratu diren baldintzei erantzuna baizik. Gure etorkizuna jokoan dago eta indarrak batzen hasteko garaia da!

Izan ere, ezinbestekoa da hasi berri den konfrontazio ziklo berri hau parametro iraultzaileetan ematea eta horretarako beharrezkoa da langile kontzientziatuon batasuna. Borroka sektorialak erreformismotik aldentzeko beharrezkoa da batasun estrategikoa proiektu politiko integral baten pean. Lokalismoa eta aktibismoa gainditzeko beharrezkoa da antolakuntza nazionala helburu zehatzen baitan. Egungo noraeza eta indarren sakabanaketa gainditzeko beharrezkoa da jardutea, beharrezkoa da JARDUN!

 Guk argi daukagu etsaia zein den, espainiar eta frantziar estatu burgesak, Euskal Herriko aktore kolaborazionistak eta kapitalaren nazioarteko gainegitura politiko, ekonomiko eta militarrak (Europar Batasuna, Nazioarteko diru funtsa, NATO…). Etsaiak menderaturik nahi gaitu. Bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egiten ahoa betetzen zaion arren, beharrezkoa izanez gero, ez du inoiz zalantzarik egin eta ez egingo ere zapalduon aurka indarkeria erabiltzerako orduan. Horretarako du biolentziaren monopolioa, horretarako ditu bere indar armatuak, gure herria okupazio militarpean dutenak. Badakigu. Askotan frogatu dute.

Era horretan, beharrezkoa da antolatzea, beharrezkoa da batasuna eta beharrezkoa da estrategia amankomun bat, helburu argiekin: independentzia eta sozialismoa. Hauek erdiesteko konpromisoa eta lan militantea beharrezkoak dira. Gure aurretik guztia eman dutenen ereduari jarraiki iraultza antolatzen jarraitu behar dugu. Konpromisorik gabe ez dago garaipenik eta garaipenik gabe ez dago askatasun posiblerik! Gaur, askatasunagatik dena eman dutenak gogora ekartzeko eguna da, baina baita etorkizunera begiratzekoa ere. Gure aurretik aritu zirenenen borrokatik ikasiz, geure bideari ekitekoa. Gudarien borroka ez da historiaren bazter ilunen batean ahazturik geldituko den eta ezertarako balio izan ez duen borroka. Gu gaur hemen egotearen arrazoia da, mundua aldatzea posible dela eta beharrezkoa dela erakusten duen konpromiso adibide gorena. Euskal Herriko txoko eder honetan etorkizuna arnasten da. Batu gaitezen! Antola gaitezen! Borrokan eraikiko baitugu etorkizuna!

Gora eusko gudariak!

Gora Euskal Herria askatuta!

Independentzia eta sozialismoa!

Facebook Twitter Email
Esta entrada fue publicada en Sin categoría y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>