Aberri Egunaren atarian, Etorkizunari heldu

Iritzi artikulua. Nekane Garmendia, Ana Irastorza eta Patxi Azparren, Eusko Ekintzako kideak.ikurriña bikoitza

ABERRI EGUNAREN ATARIAN, ETORKIZUNARI HELDU

1934ko Aberri Eguna Gasteizen ospatu zen: Antolatzaileen esanetan 50.000 lagun elkartu ziren, prentsa espainarraren hitzetan 30.000. Iragan den mendeko hirugarren hamarkadan Euskal Herriak egungo biztanle kopuru erdia zeukan eta jakina denez, Euskal Herriko beste bazterretatik Gasteiza joateko bideak abentura txiki bat.

Egungo biztanle kopurua eta komunikabideek eskaintzen dizkiguten erraztasunak direla medio, Gasteizko Aberri Egun hark elkartzea lor zuen jendetzaren pareko ekitaldi bat lortzeko 200.000 bat lagun elkartu beharko genituzke. Alabait, azkeneko hamarkada honetan ezagutu ditugun Aberri Egun jendetsuenean nekez 20.000 lagunen kopurua lortu izan da.

Hainbat eta hainbat faktore aipa genitzake, baina bistan da abertzale mugimenduak halako ekitaldietan jendartearen grina pizteko gaitasuna galdu duela. Bai noski, beste inork Euskal Herrian ez du abertzale mugimenduak duen herritarrak higitzeko gaitasunik. PSOEk, PP-UPNk nekez betetzen dute ekitaldi batean saski-baloi areto bat, aldiz horrek ez gaitu sobera lasaitzen.

Bidegurutze historiko erabakigarri baten aitzinean gaude. Faktore estruktural batzuk ikusita, Euskal Herriak bere arazo nazionalari begira bor-borrean egon beharko zuela pentsa genezake, ez da horrelakorik ikusten, ordea.

Kapitalismoaren krisi sistemikoa jendartearen esparru zabal anitz pobreziaren eta menpekotasunaren mugara eramaten ari da. Langile mugimenduak azkeneko bi mendeetan lortutako hainbat garaipen galtzear daude. Euskararen biziraupena bermatuko duen plangintzarik ez dago, autonomia egoera dauden euskal lurraldetan menpekotasun juridiko-politikoa erabatekoa da. Indar armatu eta polizial espainiar eta frantsesek ez dute alde egin…

Errieta egingo diegu Aberri Egunera etorri beharrean oporretara edo egun pasara joango diren herritar independentistei? Gehienei, alegia. Kargua hartuko diegu langabezian daudenei eta Iruñera joateko esfortzu berezia egin behar dutenei Aberri Eguneko festara ez hurbiltzeagatik? Edo autokritika eta zuzenketak egiteko garaia heldu zaigu? Agian jendeak egungo eta azken urtetako Aberri egunei “Euskal Jaia” baten itxura hartzen dio ukatzen diguten aberriaren aldeko mobilizazio izan beharrean.

Testu-inguru soziopolitikoak ezkerreko abertzaletasunari aukera historikoa ematen dio, abagunea eta erantzukizuna, euskal jendarteak eskatzen duena bideratzeko tresnak eskaini behar dituelako.

Egun eta orain gertatzen ari diren arazo eta erronkei, egun eta gaur erantzun behar dizkiegu. Beraien parte-hartzea eskatzen diegun herrikideei jardun soziopolitikorako tresnak eskaini behar dizkiegu eta aldaketa eskura egon daitekeela lehendabiziko guk sinistu behar dugu, eta gero herritarrak horretaz konbentzitu. Geuk sinistu lehendabizi, egitura politikoetan aritzea erabaki dugun ekintzaileok, modu horretan soilik berpiztu ahal izango baita garai baten euskal abertzaletasunak izan zuen grina eta erakargarritasuna. Halako egoera animikoak eramango gaitu garai bateko aberri eguna masibo eta erreibindikatiboetara.

Ezkerreko euskal abertzaletasuna ezkerreko jarduna egiteko gogoa duen militante-gai guztientzat lehengo erreferentzia izan dadin gure programa osoa berritu eta egokitu behar dugu. Halere, berrikuntza horrek ez du oinarrizko aldarrikapenak zalantzak jartzen, aitzitik errepublika burujabea eta konstituzio sozialista bat edukitzea aldarrikapen guztien motorra izan daitekeela uste dugu. Hauek izan behar dira gure ustez aberri eguna baten leloak jendartea erakartzeko.

Independentzia eskuragarria da, jauzi bat posiblea da, beste arlo batzuetarako erabili berri den aldebakartasunaren metodologiak jauzi eraldatzailea eta soberanista emateko ere baliagarria da. Aberri Egunak estrategia honen isla izan beharko luke orduan.

Aberri Egunaren atarian, Eskoziari so egiten diogu, Catalunyari, Hego Ameriketako zenbait mugimendu politikori eta etorkizunari. Ziur aski historia garaikidean, lehenengo aldiz, independentzia nahi dugun euskalherritarron eskutan egon baitaiteke Estatuen agenda politiko osoa aldatzeko adina indarra elkartzeko aukera.

Estatuek ez digute ezer oparituko ezta ezer emango ere, gure artean bizi diren Espainia eta Frantziako alderdi nazionalisten kideengandik ezin dugu akordio estrategikorik espero. Autonomia babestu duten eta horren kudeaketaz oparo bizi diren jeltzaleengandik ezin dugu ezer espero, kasta politikorengandik ezin dugu ezer espero. Jendartearekin zuzenean mintzatzeko bideak zabaldu behar ditugu eta solasaldi horretatik sortuko dira lerrotze-politiko berriak. Herritarren laguntzaz, parte hartzeaz eta zuzendaritzaz independentziara eraman gaitzakeen uholdea posiblea da. Orduan, agian, hurrengo urteko Aberri Eguna uholde independentistaren aurrenetariko olatua bilaka daiteke.

Facebook Twitter Email
Esta entrada fue publicada en Iritzi artikuluak y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>