Bildu. Gune Soberanista eta ezkertiarra osatzeko bidean

EHBildu aftitxaAzkeneko udal eta foru hauteskundeetan Hego Euskal Herrian Bildu fenomenoaren hauteskundeak izan ziren.

Hainbat analistek emaitza zoragarri horien nondik norakoak aztertu dituzte eta guk lau nagusi hauek baino ez ditugu gogoraziko: alderdiaren legea saihestu izana, nahiz eta legeak oraindik ere bere horretan dirau mehatxu demokratiko gisa, elkarlanaren indarra, ETAren alde bakarreko erabakia saritu izana eta testu-inguru sozioekonomikoa.

Emaitza 1.000 zinegotzi eta alkate. Legealdiaren erdia pasa delarik, egindakoa eta egin daitekeena aztertzeko garaia dela uste dugu .

Emaitzak hasierako koalizio hori sortu zuten hiru taldeen aurreikuspenak baino hobeak izan ziren eta arrakastak, nolabait, hiru talde horien ahalmena gainditu zuen. Izan ere, oraindik zenbait herritan Bilduren zinegotziei eta alkateei babesa emango dieten herri-lantaldeak, herri-asanbladak, egiteke daude.

Gure aburuz, Bilduk duen gaitasun eraldatzaile eta eraikitzailea ez da behar bezala erabili eta legealdiaren erdialdean izanik, gaitasun hori erabili ahal dadin baliabideak egituratu behar direla uste dugu. Euskal Herriaren independentzia politika sozialetatik eraikitzen hasteko ezinbestekoa jotzen dugun Gune Soberanistaren hastapena izan baitira Bildu eta ondorengo hauteskunde koalizioak.

Bildu (edota EHBildu) dugu Hegoalde osoan modu orekatuenean zabaldurik dagoen koalizio politikoa eta ezaugarri hau Euskal Herriko nazio eraikuntzan eta eraldaketa sozioekonomikorako aukera paregabea da. Alferrik pasatzen utzi behar ez den aukera historikoa, herriz herriko Bildurenantolaketak egoera politikoa irauli baitezake.

Paradoxikoa iruditu arren, alderdi berria baikara, alderdi klasikoen garaia pasa dela sinetsita daude. Ez ordea alderdi politiko militanteen egitura herritar eta politiko berri eta berritzaileak hedatu eta bultzatzeko garaia. Eusko Ekintzaren kasuan guretzat bi dira nagusiak: Herritar Batasuna, sustraitik independentista eta ezkertiarra, eta Gune Soberanista, aliantza zabala subirotasuna politika sozialetatik bultzatzeko.

Egungo militantzia politikoa adierazpen berriak hartzen ari da eta alderdi bateko kide izatea horietako bat baino ez da. Egungo aktibista abertzale eta ezkertiarren izaerari egokitutako egitura malguak etaeraginkorrak behar ditugu. Bildu, herriz herri antolatuz,  horren isla izan daiteke, eta Gune Soberanistaren sorreran islatu beharreko garapen logikoa  da. Bildu ezin daiteke soilik hauteskundetarako tresna, soberanista, ezkertiar eta aurrerakoia guztien bilgune soziopolitikoa baizik.

Bestalde, egungo erakundeetan lan egitera gure burua mugatzea akatsa da. Ezin dugu ahaztu erakunde horiek sustatzen dituen legediak argi eta garbi oztopatzen dituela independentziarako zein eredu sozio-ekonomiko berria eraikitzeko bide demokratikoak Eta, legez jositako ziega hori apurtzeko, hauteskunde emaitzak, soilik, ez dira aski izango, errotik antolatutako eta sustatutako zilegitasun eta erakunde propioetan islatzen ez badira. Herriz herriko antolaketak jendartean hobeto txertatzera lagunduko du, Bildukideok eta etorkizuneko Herritar Batasunaren aktibista guztiok gure herri eta auzoetan eragile sozialak , kulturalak eta politikoak izan behar gara-eta.

Arestian esaten genuenez, lortutako egoera berria aztertzeko garaia iritsita, arrakastara eraman gaituzten faktore nagusi horiek zabaldu dituzten aukera guztiak behar bezala garatu behar ditugu. Hau da, alderdien legea behin-betiko ezabatzeko ahalegina egin, ezkerreko talde eta sektore independentista guztien arteko elkarlanean sakondu komuneko esparru iraunkorrak sortzen, ETAren aldebakarreko erabakiari Estatuek ere beraien urratsak emateko beharra izan dezaten lan egin eta kapitalismoa ordezkatzeko euskal alternatiba sozialista eta parte hartzailea eraikitzen hasteko ekimenak bultzatu.

Nekane Garmendia, Pedromari Olaeta
Eusko Ekintzako kideak

Facebook Twitter Email
Esta entrada fue publicada en Iritzi artikuluak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>