Eusko Ekintza eta Herritar Batasuna.
Eusko Ekintzak jaio zenetik, beti defendatu egin du Herritar Batasunaren beharra Euskal Herriko ezker abertzalea egituratzeko unean. Gure ustez, horretarako tresnarik eraginkorrena delako. Gainera, ezker abertzalearen “alderdizazio”aren joeraren aurrean, hau da, ezker abertzalea bere betiko egitura baztertu eta antolakunde alderdikoia (bere gazteri eta sindikatuarekin) bihurtzeko joeraren aurrean, askotan geure burua bakarrik ikusi dugu Herritar Batasuneko beharraren aldarria bultzatzerakoan.
Horregatik, aurreneko mugimenduak eman zirenean, duela ia urte eta erdi, Eusko Ekintzak Herritar Batasuna izango zenaren antolakuntzari gogo biziz ekin zion. Une hartantxe, ezker abertzale ofizialistak hartutako bidearekin ados ez zeuden hainbat talde eta banakako militante, egitasmo politiko berri baten inguruan batzeko aukera ikusten genuen. Egitura berri honek ezker abertzalearen garai bateko balio historikoak mantenduz baina aldi berean, urrats berritzaileak ere emateko prest.
Denbora honetan gure indar guztiak jarri ditugu bertan, ustez egitasmo berritzailea osatzen ari ginelakoan. Duela urte bete, esfortzu handiz elkar adostutako agiria plazaratu genuen, eta talde berriaren egituraketa gauzatzeko lehendabiziko urratsak eman genituen.
Zoritxarrez, azken hilabetetan, Herritar Batasunaren baitan, hasierako izpirituarekin eta egitasmoarekin apurtzen duten (talka egiten duten) hainbat urrats eman dira, non Herritar Batasuna osoa ideologia konkretu baten inguruan estuki lerrokatzeko ildoa bultzatu nahi duen. Herritar Batasun batek, hertsi-hertsian, behar dituen ezaugarrien aurkako norabidea hartu dela ulertzen baitugu; Herritar Batasunaren izaera asanblearioaren eta desezentralizatuaren kontrako urratsak eman direla eta alderdi klasikoaren egitura eta funtzionamendura eramateko hautua hartu dutela bakar batzuk, alegia.
Eta hau guztia, mahai gainean jarritako “dokumentu-emendakin” baten bitartez eta inolako kontsentsurik gabe gertatu da, hau da, Asanbladak onespena eman beharko zion guztion artean adostu genuen oinarrizko dokumentuari; alabaina, inolako eztabaidarik eman gabe, koordinadoran 73 emendakin, zuzenean Asanbladara eraman nahi izan dira, orain arteko agiria guztion artean (bai talde eta baita kide independente guztiak) kontsentsuatua eta adostua izan denean. Ez zaigu iruditzen, beraz, ez bakarrik edukia aldetik, baizik eta egiteko eran eta forma aldetik ere, zuzen eta zintzo aritu direnik eta azkenik, konfiantza guztia galdu dugu; azken finean, mahai gainean kolpe bat eman dela ulertu baitugu.
Eusko Ekintzaren ikuspegitik, une honetan, Herritar Batasunaren sektore batek bultzatutako norabide aldaketak apurtzen du erabat Herritar Batasun batek izan beharreko izaera zabalarekin, ezkertiarrarekin, batzarzalearekin eta deszentralizatuarekin. Boterea eskualdetara zein lan batzordetara zintzoki eramaten zuenarekin bukatu nahi dela ikusi dugu. Eta modu honetan, adostasuna, sektoreen eta familia soziopolitikoen arteko borrokagatik aldatua izan da, indarrak metatzeko ahalmena sustraitik moztuz eta kanpora eman beharreko gatazka eta borrokak barne egiturara ekarriz. Funtzionatzeko modu honek, eskualdetako eta lan batzordeen auto-eraikuntza kamusten du, zentralizazioa ezarriz.
Barne mugimendu hauek krisi handia eragin dute erakundean eta horren ondorioz, parte hartzen ari zen militante ugari Herritar Batasunetik urrundu da. Hasierako ilusioa galdu baita, eta hau batzarretan parte hartzen zuen jende kopuruan nabaritu egin da.
Gure aldetik zera adierazi nahi dugu argi eta garbi: Herritar Batasunaren izaera galdu egin da, barneko indar korrelazioaren borroka honetan eragile eta militante guztion artean gutxienezko politikak adosteko konpromisoa baztertu izan delako, norberaren ideologia konkretua eta norberaren antolaketa eredua ezartze aldera. Eta azken honekin, behar -beharrezkoa den konfiantza galdu da.
Gauzak horrela, Eusko Ekintzak otsailaren 21ean deitutako militanteen batzarrean, Eusko Ekintzak Herritar Batasunaren eragile bezala izandako bidea amaitutzat eman genuen. Hortaz, egun hartatik aurrera, Eusko Ekintzak Herritar Batasunaren parte izateari utzi zion.
Pena handiz hartu dugu erabaki hau, zinez uste genuelako oraingo honetan posiblea izango zela egitasmo herritar, zabal, ezkertiar eta independentista abiatzea. Aldi berean, asko sentitzen dugu hainbat sektore militantek porrot egindako Herritar Batasunaren egitasmo honekin beraien ilusioak zapuztu izana.
Gure aldetik betiko apustuarekin jarraituko dugu: benetako Herritar Batasunaren aldeko egitasmoa jorratzen. Bai ezker abertzale ofizialaren deriba, bai Herritar Batasunaren barruan gertatu diren desadostasun guztiak kontuan hartuz, garbi geratzen dena da galdutako ilusio, ahaleginak eta indarrak koste politiko handia izan dutela, eta are larriagoa, Euskal Herriak behar duen ezker abertzale berritu, borrokalari, zabal eta eraginkorraren sorrera behar den baino denbora gehiago eramango gaituela, batzuk batasunaren aldeko auzolan hau abandonatu dutelako.
Euskal Herria, 2018ko otsailaren 21ean.
EUSKO EKINTZA.