Ez dut uste Egigurenen liburua irakurriko dudanik eta irakurri gabeko lan bati kritika egitea batere txukuna ez dela jakin arren, lerro batzuk egitera ausartu naiz, dagoneneko liburuaren gako nagusiak plazatu baitira.
Egigurenek eta PSEko beste militante batzuek, aspalditik, PSOEren barruan ustezko korronte “vasquista” bateko buruak direla sinarazi nahi izan digute. Taktika hori oso baliagarria izan zaie zenbait herritan, izan ere, etiketa estetiko hori dela medio, hainbat alkate urte luzez aginte makilari eusti ahal izan diote. Etiketa huts horretik arago ez dut inoiz mamirik ikusi ordea.
Aitortzen dut” vasquista” hitz horrek zer esan nahi duen ulertzeko zailtasunak ditudala. Bai PSOEren ahotik ateratzen denean, baita Nafarroa Garaiko ezkerreko beste sektoreen eztarritik aditzen dudanean ere. Ez dakit “vasquista” horrek euskalzalea esan nahi duen, euskal naziotasuna onarpena dakarren, edo elastiko baterako lelo koloretsu baterako ikurra ote den. Oraingoan , Egigurenek, beti erne, “navarrista” adjetiboa ere gehitu dio, pitzadura berri batzuk hedatzeko parada duela ohartu baita.
Prentsaren bidez politikari aizarnatarraren lelo berri batzuk ezagutzeko aukera izan dugu. Zer esanik ez, horietako batzuk interresgarriak dira. Gehiago esango nuke, bota dituen argudioetako batzuk tentagarriak dira ezkerreko euskal independentismoa berritzeko interesa dugunontzat: Nafarroako zentralitatea, PNVren diruzaletasuna eta neozentralismoa, sektore berrietara iristeko beharra, lurraldetasunaren garrantzia…Aldiz, susmo txarra ere hartu diot bere burutazio berriari, izan ere, beste garai batzuetan ere, Egiguren jaunak kanta gozuekin etorri zitzaigun, itsas-lamia balitzan, ezkerreko independentismoak Zapaterorengan konfiantza izan behar genuela esanez.
PNVren azkeneko kartutxoa erabiltzen ari zelarik( Ibarretxeren proposamenak) Egiguren solaskideak Madrilera begiratzeko proposatu zuen. Ezker Abertzalearen gidaritza politikoak sinestu nahi izan zion, eta geroztik, hainbat sektoretan Egigureren hitzek ,azti baten iragarpen moduan, oihartzun zabala izaten dute.
Haatik, Egigurenek ez du sekula inolako sektorerik ordezkatu. Euskal Herriko PSOEko militante euskaltzaleak 1937ko lubakietan hil ziren gudarien ondoan. Franco hil ondorengo PSE beste alderdi berri bat izan zen, Catalunyako PSCrekin antzik ez duen PSOEren sukurtsala, alegia.
Egigureni , berriz, ezin diogu ukatu ausardirik. Aurreko fase politikoan, non jardun politikoa egiteak benetako arrisku larriak erakartzen baitzituen (orain batzuentzat ez dira bukatu) , bere rol hartzea ez zen erraza, beste politikari franko askoz erosoago ibili dira arrisku eta konpromiso guztietatik at. Baina ausarta izateak ez du sinesgarritasunik ematen eta orain, berriz ere, Loiolako prozesuaren garaietan bezala, Egigureren proposamenak liluratu, despistatu eta zorabaitu nahi gaituen itsa-lamien kanta gezurtia da.
Ezkerreko independentismoak sektore berrietara iristeko premia du. XXI.mendeko independentismoak bere propsamena berritu behar du, baina beharrezkoa den hazkunde hori ez da iritsiko aurreko fasea kudeatu duten bi alderdi nagusiekin balizko akordio estrategikoren menpe jartzen bada.
Erretiroaren atarian dagoen politikari profesional baten hitzei hauspoa eman beharrean, ezkerreko independentismoak bere begirada beste lekutara bideratu beharko duela uste dut. Euren herriak independentziaren bidean jarri dituzten eragileengana so egiten, sistema sozioekonomikoa iraultzeko ahaleginetan ari diren proposamen berritzaileetara, ezkerreko sektore berrietara iristeko gaitasuna izan duten indar soziopolitiko independentisteengana…PNV eta PSOEren politikariekin inora eramango ez gaituzten biribilgunetan galdu aurretik, mintza gaitezen gure herrikideekin eta tresnak sor ditzagun aldebakarretasunetik independentziara eta eraldaketa sozioekonomikoaren bidean jarriko gaituen jardunari ekiteko.
Patxi Azparren, Eusko Ekintzaren militantea.