Jardun koordinadoraren aurkezpen testoa 2020ko Albertia Egunean.
Gaur, Albertian, 36ko gerran Euskal Herriaren askatasunaren alde faxismoari aurre eginez borrokan ibilitako gudariak dakartzagu gogora. Hala ere, ezin ditugu, inondik inora, oroitzapenez mozorrotutako ikuspuntu folklorista baten izenean gogora ekarri. Negarretatik haratago, irabazi nahia, arerioari aurre egin eta borrokatzeko guraria duen herri langilearen ikuspuntutik burutu dugu gaurko ekitaldia. Izan ere, gaur, oroitzapenetatik haratago, Albertian zein Euskal Herriko txoko ezberdinetan herriaren alde eroritakoek aurrera eramandako borrokaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu. Hain zuzen ere, borrokarako grina horren eskutik 2020ko Albertia eguna antolatu eta bertaratzea babestu dugun antolakundeok, Euskal Herri Langilearen beharrizanei erantzun behar dien tresna egin nahi dugu publiko. Euskal Herri Langilea aktibatu eta antolatzeko esparru gisa funtzionatu behar duen tresna, alegia.
Aurreko zikloa amaitu zenetik arrazoi ezberdinen ondorioz emandako banaketen ondoren, antolakunde ezberdinak ez gara gai izan ezinikusiak eta mesfidantzak gainditu eta batasunerako eta koordinaziorako espazioak adosteko. Gaur, Eusko Ekintzak eta JARKI antolakunde iraultzaileak JARDUN izeneko koordinadora plazaratu nahi diogu Euskal Herri Langileari. JARDUN ez da ezeren zatiketa, izaera nazional zein lokaleko antolakundeak biltzeko eta hauek estrategia eta izaera iraultzaile, independentista eta sozialistako proiektu politiko baten aterkipean antolatzeko aukera eman behar duen markoa baizik. Bakoitzak bere borroka esparru edota lan ildotik, norbanako zein kolektibo moduan antolatu eta lan egiteko aukera eman behar duena, hain zuzen.
Gaurko aurkezpena, zenbait antolakunderen harrikadatik haratago, Euskal Herri Langileak historikoki antolatzeko eta beronek pairatzen duen jazarpenari aurre egiteko erakutsi duen auto-antolakuntzaren eta honetarako tresnez hornitzeko gaitasunaren jarraipena baino ez dugu. JARDUN ez da berau osatzen duten antolakundeek euren ideologia edota proiektu politikoa inposatu eta zabaltzeko marka bat,oinarri ideologiko zabal baina zehatz batzuen pean,
Euskal Herri Langilea eta honen hobe beharrez diharduten antolakunde ezberdinak barnebildu eta koordinatzea helburu duen elkargunea baizik, bere helburu estrategikoak argiak direlarik:
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera, Nafarroa Garaia eta Zuberoa barnebiltzen dituen estatu independiente eta sozialistaren eraikuntza.
- Euskal langileriaren boterean, klase gatazkaren gainditzean eta ekoizpen baliabideen sozializazioan oinarritutako gizartearen eraikuntza.
- Emakume langileon zapalkuntza forma guztien gainditzea.
- Euskal Herriaren birbatzea.
- Euskal Herriaren berreuskalduntzea.
Proiektu politiko independentista eta sozialista da, hain zuzen ere, Euskal Herri Langilearen alternatiba berria, bere oinarri ideologikoek 6 ardatz nagusi dituztelarik:
Independentzia.
- Sozialismoa.
- Internazionalismoa.
- Klase feminismoa.
- Amnistia.
- Ekologismoa.
Independentzia, Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalketen artean kokatzen da nazio auzia, koordinadoraren aburuz, independentziaren bitartez bakarrik gainditu daitekeena halabeharrez. Hau da, autodeterminazioaz ari garenean, Euskal Herri Langileak estatu zapaltzaileengandik banandu eta euskal estatu independiente eta sozialista bat eraikitzeko prozesua abiarazteko eskubide ukaezinaz ari gara.
Sozialismoa. Sozialismoaz hitz egiten hasi aurretik, Euskal Herri Langileaz ari garenean zertaz ari garen argitzea komeni da. Euskal Herri Langilea Euskal Herrian bizi eta euren lan indarra saltzen dutenek osatzen dute. Bertan kokatutako langile orok esplotazioa eta zapalkuntza jasaten dituen heinean, hau da, kapitalaren atzamarkadak egunerokotasunean bere bizitzan era gordinean pairatzen dituen heinean, iraultza antolatzeko potentzialtasuna dauka. Hortaz, sozialismoaz ari garenean, Euskal Herri Langileak pairatzen duen klase izaerako gatazkaren gainditzeaz ari gara, klase gabeko gizarte bat erdiesterako bidean.
Internazionalismoa. Ulertu behar dugu kapitalaren aurreko borrokan Euskal Herri Langileak ezin duela hau bere kasa bakarrik burutu, eta beharrezkoa dela zapaldutako herri ezberdinekin hartu-emanak mantendu eta elkarri laguntzea. Betiere argi izanda, JARDUN-ek marra gorri bat finkatzen duela hasieratik, Euskal Herri Langilearen esparru nazionala ezingo dela, inolaz ere, ezbaian jarri.
Klase feminismoa. Emakume langileak pairatzen duen zapalkuntza eta hau sorrarazten duten egiturazko arrazoiak gainditu behar direlako, sexu-genero banaketa gaindituz eta kapitalak emakume langilearengan finkatzen duen paper birproduktiboa deuseztatuz.
Amnistia. Euskal Herriaren askatasunaren alde aritutako borrokalari ororen kaleratzeaz haratago, amnistia, herri langilearen begietan hauek aurrera eramandako borrokaren izaera politikoa aitortzea, eta herri langilea jazartzen aritu direnak herri justiziaren esku uztea inplikatzen duen izaera estrategikoko terminoa dugu.
Ekologismoa. Egungo ekoizpen eredu kapitalistapean, ahalik eta etekin ekonomiko handiena erdiesteko logikapeko gain-ustiapena pairatzen du ingurumenak, irentsi ditzakeen baino hondakin gehiago sortuz eta bizitza bera ahalbidetzen duten baldintzak mantentzea zalantzan jartzerainoko degradazioa eraginez. Gauzak horrela, ekologismoaren aldeko borroka produkzio formen errotiko aldaketatik bakarrik bideratu daiteke.
JARDUN-en ideologia zehazten duten aurreko sei ardatzak, ezin ditugu era banatu edo isolatuan ulertu, ardatzotako baten lanketa edota erdiespena gainerakoen eskutik ez baldin badator, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzaren betikotzea baitakar. Era berean, ardatzok klase ikuspegitik jorratuta soilik erdietsi daitezke, burgesiaren nagusitasuna irauli eta ekoizpen baliabideak eta botere politikoa Euskal Herriko langileriaren esku utziz.
Euskal Herri Langileak iraultza egiteko potentzialtasuna badu ere, bere zapalketa egoeraz jabetu eta askapen nazional eta sozialaren alde antolatzean soilik abia daiteke prozesu iraultzailea, Euskal Langileri Iraultzailea eratuz, alegia. Hain zuzen ere, Euskal Langileri Iraultzailearentzako antolatzeko esparrua izan behar da JARDUN. Koordinadora Euskal Herri independiente eta sozialista eraikitzeko helburu estrategiko berdinak partekatuz diharduten izaera sektorialeko antolakundeak barnebiltzen dituen irudia izan behar da.
Antolakunde bakoitzak bere esparruan, bere errealitatean era eraginkorrean jardunez baina estrategia amankomun baten pean, zintzotasunez eta Euskal Herri Langilearen mesederako klabe eraikitzailean jardungo duen proiektu politiko propioaren logikapean lan egiteko aukera eman behar du koordinadorak.
Albertian, gure aurrekoek garaiko errealitateari so eginda herriak pairatzen zuen zapalketa eta faxismoaren aurka borrokatu zuten bezala, egun, guri dagokigu Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalketari aurre egitea, eta horretarako beharrezkoa da batasuna, horretarako beharrezkoa da indarrak batzea. Indarrak batzen hasteko garaia da. Beharrezkoa da Euskal Herriko talde ezberdinekin batu eta proiektu amankomun bat babestea. Beharrezkoa da talde ezberdinak JARDUN-era batzea, bakoitzak bere esparruan ahal duen ekarpena eginez, baina konpromiso irmoarekin, herri gisa, herri langile gisa kapitalari aurre egiteko, guk argi daukagulako jarraitu beharreko ibilbidea eta aurrera eraman beharreko estrategia zein den. Eta ez izan zalantzarik klabe horretan jarraituko dugula lanean. Borrokan bizitza eman dutenengatik, Euskal Herriarengatik eta Euskal Herriko langileengatik.
Gora Euskal Herria askatuta!
Independentzia eta Sozialismoa!
Albertian, 2020ko abuztuaren 15.