http://topatu.info/aitzinak-desobedientziaren-bidea-hartu-eta-herriz-herri-ikur-arrotzak-kentzera-deitu-ditu-euskal-gazteak/
“Argibide bat ematen dute bide seinaleek, norabide bat erakusten dute; non giren eta nora goazen. Ipar Euskal Herriko seinale anitzek hizkuntza ukatzen dute, Euskal Herriaren nortasuna ukatzen dute”, adierazi dute Aitzinako gazteek Baionan egindako agerraldian. Ukazioaren aurrean, argibidea eta norabidea eskubideak direla uste dute: “Aska bidea ere izan daitezke, eta guk gure bidea egin nahi dugu”. Bide hori desobedientzia tresnatzat hartuz herria eraikitzen jarraitzea dela jakinarazi dute, eta horregatik deitu dituzte euskal gazteak herriz-herri ikur arrotzak kentzera.
Uztailaren 14an Frantziako Errepublikaren jai nazionalaren harira egindako ekimenaren helburuan berretsi eta Frantziak Euskal Herriarekiko duen “mespretxuari” erantzutera deitu dute. Adibideak asko dira, haien aburuz: Ikastolen kontrako auzia, herri-eragile desberdinek landutako Lurralde Elkargo proposamenaren ukazioa, eta baita herri bat eraiki nahi duen gazteriaren ukazioa ere: “Atxiloketak erakutsi du hori”.
Euskal Herriaren ezagupena eta euskarak lege babesa izatea lortu arte lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, eta euskal gazteak ere borrokan jarraitzera deitu dituzte: “Herriz-herri Euskal Herriaren nortasuna ukatzen duten ikurrak identifikatu eta kendu ditzagun”. Bigarren proposamen bat ere egin dute: “Atera argazki bat gure herria ukatzen duen seinalearen aurrean hura ‘kukutuz’ eta zabaldu Twitterren #EginZurea traolarekin edo bidali aitzina@aitzina.eu helbidera”.
Ostegun goizean Aitzina gazte antolakundeko kide bat atxilotu eta gazte antolakundeak Baionan duen egoitza miatu zuen Frantziako Poliziak. Egun osoa komisaldegian izan ostean arratsaldean utzi zuten aske. Bide seinaleak lapurtzea eta gordetzea egozten diote. Uztailaren 14anAitzinako gazteek frantses hutsean ziren 100 bide seinale kendu eta Parisera bidali zituzten trenean.