Antxon Gomez auziperatutako militante ekintzaleari elkarrizketa Urola-Kostako Hitzan

P1010048

Urola-Kostako Hitza hedabideak Antxon Gomez militante ekintzalerai egindako elkarizketa.

Antton Gomez: «ANV legez kanpo uztea oroimen historikoaren kontrako erasoa da»

 Espainiako Auzitegi Nazionalak bigarren aldiz atzeratu du 04/08 sumarioko epaiketa, Haizea Ziluaga akusatuen abokatuetako batek defentsari uko egin eta auzipetuek abokatu berri bat izan arte epaiketa atzeratzea eskatu ondoren. Antton Gomez (Gasteiz, 1964) auzipetuaren esanetan, «airean» dago orain hasiera data. Honen arabera, lehen lau saioak bertan behera utzi dituzte, eta aldeei beste hiru egunetako epea utzi diete helegiteak aurkezteko. Bosgarren aldiz aldatu diete egutegia, eta atzo Madrilera bidean zela izan zuen atzerapenaren berri. Modu horretara ibili beharrak eragiten dion «ahultzea» salatu du Zestoako bizilagunak.

Batasuna, EAE-ANV eta EHAK-ren aurkako epaiketa da 04/08 auziari dagokiona, eta guztira 35 lagun epaituko dituzte. ETAko kide izatea leporatuta, guztiei 10 urteko kartzela zigorra eskatzen die fiskaltzak, eta EAE-ANV alderdia zigorraren bidetik legez kanpo uztea ere eskatzen du. 2008an auzipetu zuen Baltasar Garzon epaileak Gomez, EAE-ko idazkari nagusia zela.

Epaiketa nolakoa izatea aurreikusten duzue?

Une hauetan, informazio gutxi daukagu. Halako ezinegon batean gaude. Hasiera batean, 40 egunetik gorako ahozko saioak aurreikusten dira, eta auzipetu guztiok derrigorrezkoa dugu saio guztietan egotea. Madrilera joan-etorrian ibiliko gara, horrek eragiten duen gastu ekonomiko eta pertsonalarekin. Ahozko saioak ekainera arte aurreikusten ziren orain arte, baina ez dakigu noiz amaituko den. Dagoeneko bost aldiz aldatu digute egutegia, eta ez dakigu zer gertatuko den.

Urtarrilaren 12an zen hastekoa epaiketa, baina Guardia Zibilak zuen abokatuetako batzuk atxilotu zituen egun hartan bertan. Atxiloketek zenbaterainoko eragina izan dezakete zuen defentsan?

Begi bistakoa da horrek eragina izango duela. Ez dakit nolako ondorio juridikoak dituen, baina edozeinek ikus dezake halako egoera batean dauden abokatuek ezin dutela euren lana egiteko osotasunean egon. Garbi dago atxilotuak izan diren abokatuak ez daudela beraien baldintzarik onenean makroepaiketa konplexu baten defentsa lana egiteko.

Auziaren zer irakurketa egiten duzu?

Zentzugabekeria handia da. Zenbait egunkaritan argitaratu da gurea izango zela azken makroepaiketa, baina epaiketa hasi behar duten egunean, beste makroepaiketa bat eraikitzen dute. Epaiketa berriak etengabe ari dira sortzen.

Azken epaiak, oro har, absoluzioak izan dira. Itxaropen izpi bat zabaltzen al du zuentzat?

Auzitegi Nazionalaz eta Espainiako auzitegiez hitz egiterakoan, oso zaila da aldez aurretik asmatzea zer gertatuko den. Jarduera politikoa epaitzen dute, eta askotan horren bultzada ere politikoa da, juridikoa baino gehiago.

Zazpi urtez auzipetuta egoteak zenbateraino baldintzatu dizu bizitza?

Zure bizitza guztiz baldintzatuta geratzen da, ez dakizulako noiz hasiko den epaiketa, zer ondorio izango dituen… Ezin duzu epe luzerako planik egin, ez dakizulako hurrengo urtean non egongo zaren.

Espetxe zigorraz gain, EAE-ANV bide penaletatik legez kanpo uztea ere eskatzen dute.

ANV bide administratibotik dago legez kanpo jarrita, baina orain erakunde terrorista bezala legez kanpo uztea eskatzen dute, penalki. Horrek ondorio asko ekar ditzake. Esaterako, ANV-ren ikurrak erabiltzea galaraziko du, ikur historikoa den arren. Alderdi historiko batez ari gara hizketan. 1930ean sortuta, Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzan egon zen, eta 1977ra arte Jaurlaritzako kidea izan zen erbestean. Frankismoan 800 hildako inguru izan zituen, haietatik 300 oraindik desagertuta daude. Oso soka luzea duen alderdi bat da: Herri Batasunaren fundatzailea izan zen, ezker abertzalea ANV-k sortu zuen. Zigorraren bidetik legez kanpo uztea, beraz, ez da bakarrik alderdiaren kontrako eraso bat, herri honen oroimen historikoaren kontrako erasoa baizik. Europako beste herrialde batean ulertu ezinezko gauza bat izango litzateke. Frankismoaren biktimen eskubideez hitz egiterakoan, berriro ez gertatzeko bermeak dira zutabeetako bat. Frankismoak utzi zuen ANV legez kanpo, eta gero PSOEren gobernua hasi zen gu legez kanpo uzteko prozedurarekin. Berriro ez gertatzeko berme horiek, alegia, ANV berriro legez kanpo ez uzteko bermeak, urratu egin dira.

Nola ikusten duzu gaur egungo egoera politikoa?

Garbi dago ez dagoela inongo prozesurik, eta ez da ezker abertzaleak edo euskal gizarteak ez duelako nahi, baizik eta bestaldean ez dagoelako inor prest normalizazio politikoa bultzatzeko. Salbuespen egoera egunerokoa da Euskal Herrian: gaur [herenegun] Iparraldean lau lagun atxilotu dituzte. Ia astero egiten dituzte atxiloketak, eta ez da hilabete bat pasatzen sumario bat irekitzeke. 100 lagun gaude auzipetuta, guztiz zigor politikoak dituzten makrosumarioetan. Soilik jardunbide politikoagatik epaitzen gaituzte. Horri aurre egiteko, gizartean hainbat mekanismo jarri beharko dira martxan, baina beti izango dira intsumisioaren, desobedientziaren eta aldebakartasunaren aldetik. Zoritxarrez, oso zaila da beste modu batera konpontzea.

Facebook Twitter Email
Esta entrada fue publicada en Medioetan-En los medios y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>