BAIONA, UZTAILAK 20 : DESOBEDIENTZIA EGUNA

Iheslari politikoen kolektiboaren agerpen publikoa eszena politikoan egiteak, uste baino hauts gehiago harrotu ditu. Inbisibilizatua, neutralizatua, ustez kikildua eta desartikulatua zegoen talde zabala, bat egina agertu da; direnak gisan: kolektiboa. Eta etorri dira beraien konpromiso politikoa berrestera.

Bitartean, Baionako suprefeta den  Patrick Dallenesen hitzetan, ez ditu arrazoiak ikusten Estatu frantsesa bake prozesu batean murgiltzeko, ez baitago inoiz Euskal Herriarekin gerran egon; eta gero kexatzen gara Estatu Espainoleko gobernuko adierazpenekin! To honekin!

Espainiak berriz, bere alde totalitarioa eta errepresiboarekin itsu-itsuan segitzen du: euro-agindua eskatzea obsesiboki, beraien  mendeku nahia eta itxikeria eta utzikeria demostratuz berriz ere.

Estatu Frantsesak, Espainolak bezala, ukatzen du bere erantzukizuna euskal gatazkan eta ihes egiten dio soluziobide bilatzearen obligazioari; Estatu baten eginkizuna eta betebeharra bere herria kudeatzeaz  gain, agertzen diren arazoak, gatazkak… derrigorrez konpondu beharreko betebeharra izan beharko luke. Beno, Estatu benetan demokratiko batez ari gara, jakina, baina gu,  beraien lege-aginduz espainolak eta frantsesak  gara; euskal herritarrek legeak eta betebeharrak  izan  baditugu,  baina eskubideak zero.

Kontuan hartuta, bai Iheslarien Kolektiboaren agerraldia, bai Baionako suprefetak eginiko adierazpenak, bai Espainiako euro-aginduaren eskatzea eta ondoko atxiloketak, erran dezakegu Estatu Frantsesak bere alde errepresibo eta Espainiarekiko konpromiso immobilista berrestu duela. Frantziako Barne ministerioan Espainiak du agintea; hauxe da errealitatea.

Hagitz erosoa izan baita jakobinoentzat orain arte eszenifikatu duten paper kolaboratzailea; baina gauzak aldatzen ari direla erakusten ari dira, eta Frantzia, gatazka honetako protagonistako bat dela onartu beharko du inoiz. Baina ezin gara Estatu zanpatzaile hauen jarrera aldaketaren esperoan so gelditu.

Sinatzen dugunok, Eusko Ekintzako kideak bezala, kezkaz, arduraz baina esperantzaz ere bizitu dugu Iheslarien Kolektiboaren afera.

Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta gure animoak  helarazi nahi diegu, bereziki Atorrasagasti, Aranalde, Zubillaga eta Fernandezi. Eta era berean, iheslariekin batera Euskal Herriko askapenerako lana egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Aupa zuek!

Urteetan zehar etxetik kanpo,  askok eta askok Euskal Herria, norberaren herria, ezin ikusi, ezin usaindu, ezin ukitu, ezin gozatu eta ezin sentitu dutenen militanteek etxera etorri nahi dute, hau da, euskal presoek eta iheslariek.

Borrokak, nahiak, ametsak, askatasunak… gu denon askatasunak, bihurtu zituen iheslari eta preso  euskal militante politikoa. Eta kanpoan hotz da; arrotza da dena hasieran, eramangarriago geroago…halabeharrez; baina, hala eta ere, beti ere, beraien nahiaren preso, beraien zangoen mugimenduaren kartzelero dira. Latza.

Eta errealitate gordin  horren aitzinean Iheslarien Kolektiboak oholtza gainera ateratzea deliberatu du: baduela zer erran, zer ekarpen egin, baduela borondatea bake prozesu bat abian jartzeko bertze eragileekin batera. Hollanden hizkuntzan erranda : chapeau!

Txapela kentzekoa da zuen konpromiso maila. Eta gure aldetik, zuen kemena eta konpromisoa ikusita ezin dugu gurea berrestea bertzerik.

Denok batera, horrelako ausardiaz,  beldurrik gabe, konbentzimendu osoz ari gara bidea egiten, bide soberanista eraikitzen. Horregatik konfrontazio demokratikoan eta herritar guzien batasunean  jarri behar dugu indarra.

Alde batetik, ezker eragile independentista batzeko tenorea delako; gure bidea batera eginez itxaropena badugu; norberak bere bidetik joaz, jai dugu.

Bertzetik, euskal ekintzaleok ekintza maite dugu, ekintzetan gauzatzen baita hitzezko asmoa. Eta horregatik uste dugu konfrontazioan, (mobilizazioetan, herri harresietan, intsumisioan, desobedientzian, etab…)dagoela, egun,  helburua lortzen joateko gakoa.

Ez gara deus berririk erraten ari: indarrak batuz ahulduko dugu etsaia, eta behin etsaia ahulduta gauzak aldatzeko unea izanen da, konponbide justu eta gardena bilatzen dugunon gunea sortuz.

Goazen bada elkarrekin bidea egitera. Oraingoan desobedientzia zibila eta intsumisioa dugu gure arma indartsuenak.

Beñat Atorrasagasti, Jokin Aranalde eta Zubillagaren atxiloketak  hau berrestera dator; gobernuek egoera berri baten aurrean betiko errezeta errepresiboa aplikatu du. Nori agortzen ari zaio bidea? Nor erakusten ari da itxikeria eta prepotentzia? Nor ari da bide guziak lehertzen? Nor izaten ari da biolentoa? Nork ez du inongo borondaterik? Nor erakusten ari da nolabaiteko ahulezi politikoa?

Etxe barrenean emaztea jipoitzen duen sasi-gizontto batek  justifikatu ezin duen bezala bere emaztearen hamaikagarren ubeldura, modu berean, Espainia eta Frantziako halabeharrezko emaztea, Euskal Herria, ubeldurak erakusten hasi da eta dibortziatzeko hautua hartu du.

Emakumearekiko tratu txarreko kasuetan bezala Estatuak ezin du onartu autodeterminazio  ekintza hori; orduan, gauean,  Euskal Herria emaztea, erne ez dagoenean, erasoa egingo dio. Mendekua, ikara, paralizazioa, “nire menean zaude”, “jakin dezala nork agintzen duen, nor den nagusia.” “Horrela ikasiko du”…pentsatzen du  Estatu erasotzaileak.

Hori izan da azken atxiloketetan gertatutakoa: mendekua, beldurra zabaldu nahia, betiko indar erakustaldi harroputza, jakin dezatela zer dagoen konpromiso militantean jarraitzen badute; jakin dezagun jarduera politikoan aritzeagatik zer gerta dakiguken;  jakin dezagun nork agintzen duen. Ikas dezagun gu espainiarrak eta frantziarrak garela, nahiz eta ubeldurak erakutsi eta oihukatu dibortzioa nahi dugula, bidea bakarrik segitu nahi dugula, euskal herritar gisan.

Eta ziklo honekin bukatzeko, genero indarkeriarekin gertatzen den bezala, ezin da bertzaldea begiratu; arazoa/ gatazka/ soluzioa  sozializatu behar dira, kaleratu behar dira, jendeak kontzientzia har dezan; herriari hitz emanez.

Zeren zerbait ikusgai dagoenean zaila da oso ezkutatzea, ia ezinezkoa. Estatuek, aldiz, errealitate hau ezkutatu nahi dute, errepresioaren bidez.

Guk badakigu, baina, iheslariak hitza eta konpromisoa beharrezkoak direla, preso politikoen iritzia eta hitza  berebizikoa den bezalakoa.

Honengatik guztiagatik, uztailaren 20an Baionan herriaren txanda da. Elkartasuna erakusteaz gain, konponbiderako  konpromisoa eta hautua erakutsiko dugu eta bertze behin, Estatu zanpatzaileei argi erranen diegu errepresioa ez dela bidea.

Larunbatean Baionan, aspaldi  indarrez “ospaturiko”  ezkontzarekin bukatu nahi dugula oihukatuko dugu, Espainia eta Frantziaren dibortzioa nahi dugula garbi utziko dugu. Horrela etorriko da amesten dugun bakea: independentziarekin.

Eta amaitzeko, adierazi nahi dugu garbi  euskal preso eta  Iheslari politikoak erakusten  ari diren koherentzia, konpromisoa eta determinazioa balio duela aunitz; ipar-orratza  bihur ditzagun koherentzia, konpromisoa eta determinazioa. Ginenak garelako. Nahi genuena, nahi dugulako.  Eta amesten genuenarekin jarraitzen dugulako amesten. Norabide  berean egon baita  beti iparra.

 

Euskal Herrian, 2013ko uztailaren 17an

 

Gotzone Rekondo – Nekane Garmendia (Eusko Ekintzako kideak)

 

Facebook Twitter Email
Esta entrada fue publicada en Iritzi artikuluak y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>