“GURE ESKU DAGO” Ekimena.
Berriki publikoa egin da “Gure esku dago” ekimena Irungo Ficoban burututako ekitaldi batez. Edozein ekimenak, eta are gehiago “euskaldunok erabakitzeko eskubidearen” aldeko ekimenak sortzen digun errespetutik, gure ikuspegia plazaratu nahi dugu “erabakitzeko eskubidearen” nazio-dinamika baten planteamenduaren aurrean.
Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea independentismotik, atzerapen handia da. Duela 20 edo 10 urteko estrategia da, orduan ere mobilizazio handiak eta mota guztietako ibilaldiak ezagutu zituena. Gatazka gainditzeko “baldintza demokratikoak” lortzea estatuen aldetik helburu. Egun, honako hau, aldebakartasunaren kontra doan taktika da . Autodeterminazio eskubidea, horrela izendatua eufemismorik gabe, eskubide demokratiko bat da, eta espainiar eta frantziar ezker-eskuin nagusiek onartzen ez badute, beraien gabezi demokratikoaren isla besterik ez da. Ez da txistea Rubalcabaren autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena PSOEko Suresnesko Kongresuan. Sarean dago ikusgai edozeinentzat. Urterekin PSOEko hierarkiak ikasi du autodeterminazio eskubideak, halabeharrez, Euskal Herria eta Kataluniaren independentzia ekarriko zuela, eta horregatik traizionatu zuten Erreforma Frankistan eskubide demokratiko hau. Hau garrantzitsua da azpimarratzea; Espainolistentzat autodeterminazio eskubidea eta independentzia sinonimoak dira. Horregatik ez dira halakoetan bustiko.
Ez dezagun gure burua engaina, autodeterminazio eskubidea gauzatuko da soilik aldebakartasunetik independentziaren erreferendum batean, edo tokiz tokiko kontsultetan, eta honen aurrean estatuek beraien makinaria guztia (errepresiboa ere) martxan jarriko dute. Konfrontazio demokratikoaren bidea besterik ez zaigu geratzen. Beti izan da horrela eta horrela izango da. Honen aurrean masa independentista kritikoa zabaldu behar da gure herrian hainbat ekimenen bidez: Ideologikoak (formakuntza, hitzaldiak, kongresuak…), instituzionalak (bereziki Udalbiltzaren bidez), eta aktiboak (Tokiz tokiko kontsultak, mobilizazioak, desobedientzia eta intsumisio ekintzak…).
Zergatik batzuk pasatu dira “Independentistak” mugimendua ustez bultzatzetik atzerapauso hau ematera? Hori da gure galdera. Erantzuna ez da erreza.
Azken finean “Gure esku dago” agindutako gisa-katean izango den jendearen %95 independentista eta ezkertiarra izango da, eta ez da hobe izango jende independentista hau tokiz tokiko independentziaren aldeko politikak sustatzen?
Ezin ahaztu Gasteizko Legebiltzarrean autodeterminazioaren aldeko aldarrikapen formalak egin direla. Eta hor daudela, alperrik samar amaraunak biltzen, baten batek gauzatzeko bultzadaren zain.
Batzuek uste baitute halako mugimenduek, makilatu eta tonu erreibindikatibo modulatuarekin, hainbat sektore jelkide soberanistei zuzendurik, EAJ-PNVri “kontraesanak” sortuko dizkiola. Antza ez dute deus ikasi azken urtetako esperientziaz. Jelkideak primeran baliatzen dira halako mugimenduez beraien barne tentsioak baretzeko eta soberanistenak izan ditzakeen militanteei arnas gunea eskaintzeko. EAJren kontraesanak, Katalunian CIUrenak bezala, politika soberanisten konkrezioetatik areagotuko dira. Erabaki behar dutenean ea Euskal Herria euskal herritarron aberria den, edo Euroa eta beraien interes ekonomiko korporatiboak diren jelkideen aberri bakarra.
Eusko Ekintzako kideentzat independentziarako garaia da. Independentziaren aldeko ekimenak bultzatzeko. Estatuak “demokratizatzeko” asmoa ederra da, baina hamarkada askoren errealitateak erakutsi digu, soilik aldebakartasunak mugitu dezakeela estatuen itxikeria. Eta soberania kontuetan aldebakartasuna ez da estatuei dagozkigun eskubideak ematea (ez dizkigu emango ere) baizik gure kabuz eta gure erabakiz gauzatzen eta islatzen joateko.
“Gure esku dago” leloan benetan sinisten badugu, goazen benetan burujabetza gauzatzera ekintza ausart eta konkretuen bidez.
Pedro M. Olaeta eta Antxon Gomez (Eusko Ekintzako kideak).
Euskal Herria, 2013ko ekainaren 19an.
Agian artikuloan zera falta da; soberaniaren aldeko edozein ekimenak edukin sozial handia izan behar du. Ezin dugu independentzia lortu gero EAJ-PNVren lobby ekonomikoei entregatzeko. Independentzia eta sozialismoa lotuta doaz.
Askapen prozesuak aurpegi anitz ditu nazionala eta soziala, banezinak. Ez dago bien arteko lehenetasun sailkapenik. Borroka guztiak batera doaz, prozesu orokor batean: independentzia eta euskal pentsakerarekin bat datorren sozialismo iraultzailea, demokrazia erredaikalean oinarrituta.