ILEGALIZAZIOAREN GARAIAREN AMAIERA, ALA SALBUESPEN LEGEDIAK DARRAI

 images

Foru eta udal hauteskunde ostean suertatu zen, zenbait hedabide abertzaletan honako lelo hau ikusi ahal izan genuen: “ilegalizazioen garaia amaitu da”.

Ilegalizazio ziklo luze baten ondoren lortutako emaitzak sortu zuen poza guztiz ulergarria izan arren, ezkerreko abertzale askorentzat ere, zalantza ez zen apaldu, hurrengo hilabeteetarako kezka ugari argitzeke zeuden-eta, izan ere, denborak aurrera egin ahala, areagotu da kezka hori.

 Hauteskundeetan eta erakundeetan Sortuk eta EHBilduk normaltasunez aritzeak beste errealitate batzuk estal zitzakeela ematen zuen. Denboraren poderioz, parte hartze horrek salbuespen legediaren ahalmen errepresibo guztia desaktiba zezakeela pentsatu nahi izan dute batzuek.

 Normaltasunaren irudia eman nahi izan da eta hau ez da guztiz egia, aitzitik, errealitatea mozorrotzeko bidea izan daiteke, desmobilizaziora eraman gaitzakeen amua.  Jendartea lokartzeko arriskua dago, hain justu, mobilizatzeko beharra handia dagoen testu-inguruan, salbuespen legediak eratu zuen egoerak kalte ikaragarria egin du eta. Salbuespen egoerak bere horretan darrai, keinu txikienik egin gabe, aldaketarik egin gabe, ezta arlo sinbolikoan ere. Mehatxua indarrean dago, erakunde politikoen eta sindikalen gainean eta hedabide kritiko ororen gainean. Mehatxu honek Euskal Herriko gehiengoaren garapen demokratikoa baldintzatzen du.

 “Alderdiaren legeak” eta bere ondorio lizun guztien jarraipenak ez du egoera normalizaturik bermatzen, eskubide zibil eta politikoen urraketaren isla baizik. Hala nola:  salbuespen politikorako neurrien jarraipena, milaka eta milaka herritarren parte-hartze politiko normalizatua ukatzen duten epaiek, “Herrira”ren ilegalizazio prozesua, atxiloketak, hainbat mobilizaziotan poliziak erabilitako bortxa, (Cabacasen kasuan bere gordintasun osoa azaldu duelarik), preso politikoen sakabanaketa eta espetxe-politikak sortzen dituen bidegabekeriak, istripuak eta heriotzak, mobilizazioen aurkako isunak eta salaketak, Herri Batasuna, Batasuna, gazte erakundeak, EAE-ANV eta EHAKren kide eta hautetsien kontrako epaiketa politikoak, hedabide digitalen itxiera, gatazkaren irakurketa jakin batzuen aurkako jazarpena, jardun politiko hutsa egin izanagatik hainbat pertsonak preso jarraitzea… Soka honek ez du etenik.

 Azken finean, gatazkaren muinean egon den gakoa ez da askatu, hau da,  euskal gehiengo sozial eta politikoaren proposamen demokratikoa, autoritarioa den gutxiengo judizial, polizial eta legal espainolaren aurkako talka.

 Honen aurrean, Eusko Ekintzatik aldarrikapenen beharra azpimarratzen dugu, jendarte bermobilizazioa eskubide guztien alde, nazio eta sozial eskubideak, giza eta zibil eskubideak eta Euskal Herriaren eskubide politikoen alde. Ez dugu sekula ezkutatu eskubide hauen guztien defentsarako “Adierazi EH” erakundea izan zenaren eredua gustukoa dugula. Hau da, koordinakunde dinamikoa, zabala eta iraunkorra, pertsonaz, eta talde politiko, sozial eta sindikalez osatua, ahalik eta irekiena eta jarduna asanblearioa izango duena, konfrontazio demokratikoa xede irmoa izango duelarik. Hau da gure ustez, aldebakartasunaren bidea: tresna baketsu eta demokratikoak erabiliz aldatu nahi dugun marko juridikoarekin tinko  konfrontatu, bunker konstituzionalista noizbait mugitu ahal izateko.

 

Euskal Herria, 2014ko apirilaren 22an.

 

Alberto Muñoz eta Txarli Gonzalez. Eusko Ekintzako militanteak.

Facebook Twitter Email
Esta entrada fue publicada en Iritzi artikuluak y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>